XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ospakizunetara Alfontso XIII.a erregea etorri zen.

Urolaren tren modernoetan abiatu zen, jende multzo batez inguraturik, Zumarragako geltokitik, eta bideko geltoki guztiak igaro ondoren, Zumaiara iritsi zen.

Han, bertako geltokia eta merkataritza kai berria inauguratu zituen.

Une horretatik aurrera Urolako trenbideak normaltasunez funtzionatu zuen, baina bere bizitzaren zatirik handienean lortu zuen errentagarritasun ekonomikoa oso urria edo nulua izan zen eta, ondorioz, trenbidean egindako inbertsioak ez ziren behar-beharrezkoak besterik izan, hau da, material finkoa eta mugikorra mantentzeko gutxienekoak.

Instalazioak, azpiegiturak eta parke mugikorra hobetzeko inbertsiorik egin ez zenez, 1986. urtean, 1926. urtean funtzionatzen zuten tren berak zebiltzan, hau da, trenbidearen gainean 60 urte lehenago jarri ziren berberak.

Ondorioz, Urola trenbideak ez zituen betetzen zerbitzu seguru bat emateko gutxieneko baldintzak.

Egoera horren aurrean erabaki azkar bat hartu beharra zegoen: trenbidea osoki birmoldatuz modernizatzea (horretarako inbertsio handia egin behar zen) edo, alderantziz, trenak autobusez ordezkatzea (gastu askoz txikiagoa eskatzen zuen).

Azken konponbidea aukeratu zen, populazioaren sektore askoren aurkako jarrera garbia bazen ere, eta ondorioz 1989ko martxoaren 5ean trenbidea betiko itxi zen 102 OLAIZOLA, J.: Op.cit., 77-78 orr..

Gaur egun, Azpeitian dagoen Burdinbidearen Euskal Museoa da, eskualdean hainbesteko garrantzia izan zuen eta eraikitzeko orduan hainbeste buruhauste eman zituen trenbide enblematiko horren arrasto bakarra.

6.3.2. Vascongados: Elgoibar-Donostia trenbidea

Elgoibar-Donostia trenbide sekundarioa, Ipar kostaldeko sare zirkular edo ingurabidean eraiki zuten azken zatia izan zen.

Hasiera batean, Bilbo-Elgoibar trenbideak Donostia norabidean izango zuen luzapen gisa jaio zen, baina interes orokorreko trenbide kategoria emateko arrazoi nahikoa izan ziren: trenbide horrek kostaldeko komunikazio bideetan zuen garrantzia; Bilbo-Durango, Durango-Zumarraga eta Donostia-Irun trenbideekin zituen loturak; merkataritzan eragingo zituen hobekuntzak; eta Bilbo nahiz Pasaia bezalako portuak Euskal Herriko merkataritza portu garrantzitsuenak zuzenean lotzeko ematen zuen aukera.

Baina, beharbada, trenbide hori egitearen ondorioz onura gehien izan zuena, zerbitzatuko zuen zona bera zen.

Gipuzkoan populazio altuenetakoa zuen zonetako bat zen eta bere ekonomia nekazaritzan, industrian eta, neurri txikiagoan, bidaiari nahiz merkatalgaien joan-etorri ugari eragiten zuen turismoan oinarritzen zen.

Merkatalgaien nahiz bidaiarien garraio beharrak asetzeko balioko zuen trenbidea zen, beraz 103 G.A.O: JD ITF 1535/8260..

Jatorrizko proiektuan 1890. urteko ekainean onetsi zenean trenbideak 64 kilometroko luzera zuen eta Elgoibar, Deba, Zumaia, Getaria, Zarautz eta Orioko herrietatik igarotzen zen, Donostiara iristeko.

Ondorengo ezaugarriak izango zituen trenbidea egin nahi zen: (...)